XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bilaketa informatikoaren kontu honek idazkeran ere baditu eraginak.

Anjel Lertxundik kontatzen du German Valverderen anekdota Letrak kalekantoitik liburuan.

Lurrak berdinduko nau nobelatxoa idatzi zuela eta Antton jarri ziola izena protagonistari.

Eufonia kontu bategatik, azkenean gizona izenez aldatzea erabaki zuen.

Ordenadorez egin zuen aldaketa: Antton dioen tokian German ezarri.

Makinak bost segundutan egiten dizu.

Hala ere, ez zen ohartu Lertxundi beste Antton bat ere aipatzen zela lanean, Antton Valverderen diskoa!

Eta halaxe argitaratu zen paperean German Valverderen diskoaren aipua...

Gaur makinek hitz edo letra ordezkaketak egin ditzakete, eta ortografia zaindu ere bai.

Pentsa sintaxia kontrolatu eta aldatzeko indarra hartzen dutenean (hartuko dute eta).

Ze ustekabe informatiko eskainiko dizkigu Anjel Lertxundiren 2010. urteko nobela eder horrek?

German Valverderena anekdota hutsa da, betiko akats tipografikoen historian punttu bat aurreraxeago doan kontua bada ere.

Hala ere, idazkeraren kontrol informatikoak, hitzak bilatzeko maila tekniko sinpleenean ere, ondorio praktiko handiak ditu jada.

Lehenago esan dugu, Shakespeare oso-osoa Interneten dagoela.

Euskal klasikorik ez, salbu eta Gero.

Hala ere, euskal literatura guztia, Etxeparetik hasi eta Gabriel Arestiganaino, digitalizatuta dago, formato elektroniko batean gordeta.

Euskaltzaindiko lantalde batek, Orotariko Euskal Hiztegikoak, erabili du tresna hori hiztegia egiteko.

Eusko Jaurlaritzako Informatika Elkarteak (EJIE) egindako datubase dokumental bat da tramankulu hori.

Hori eskuan daukan hiztegigileak guk Gero-rekin aipuaren bila egin dugun gauza bera egin dezake: amorioa eta amodioa erkatu, eta neurtu, zein azaltzen den lehenbizi historian, zein erabiltzen den gehien, zein autorek zer darabilen, eta nola...

Azterketa kuantitatibo huts bat da.